XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

San Migelak Yurretan.

Yurreta Durango aldeko herri berezi eta jator bat da.

Historia luzea eta bizia dauka, batez ere azken urteotan gazteria asko mugitu baita.

Durangoko udalean Yurreta Durangoko hauzune bezala agertzen da.

Baina yurretarren Yurreta herria dela diote eta herriari dagozkion erakundeak, instituzioak nahi dituzte.

Yurretako San Migelak oso jai herritarrak izaten dira.

Aurtengo jaietan biziki agertu da Yurretako herriaren problema handi bat.

1926an, Durangoko udalak Yurretako udala derrigorrean bereganatu zuen, anexionatu zuen.

Yurretako herriak, bere autonomia galdurik, 51 urte hauetan hamaika joanetorri eta ahalegin egin du bere nortasun galdua berriro eskuratzeko.

Aurtengo jaietako eraskinen, pegatinen lema hau da: Euskadi gure aberria, Yurreta gure herria.

Hogeita lauean, larunbatean, goitibehera txapelketa izan zen arratsaldean.

Gero haizkolariak eta harrijasotzaileak.

Gauez bertsolariak izan ziren pilotalekuan: Lazkao-Txiki, Igartzabal, Lopategi, Areitio, Amuriza eta Intxaurraga.

Jaialdia Mendizabal fabrikako langileen alde zen.

Fabrika honek ateak itxi nahi ditu eta langileak ahoa bete hezurrez utzi.

Entzuleek bertso asealdi ederra hartu zuten, baita barre ederrak egin ere.

Jai guztietan zehar EGINen propaganda ugari ikusten zen.

Igandean, 25ean, Kofradi eguna Orominon.

Sei kofradi dira: Bakixa, Yurreta, Harriando, Oromino, Orozketa eta Goiuri.

Seien artean batzorde bat daukate, kofradien batzordea.

Batzorde horretan kofradia bakoitzeko ordezkari bat dago, kofradia bakoitzeko herritarrek libreki eta zuzenki hautatua.

Eguerdian dantzarien ekitaldi eder baten ondoren, batzordeko idazkariak, batzordeko ordezkariak alboan zituela, kofradien historiaren berri eman zuen.

Kofradien historia latza izan da joan den hogei urtetan.

Basoetan, pinadietan, miloi askoren ondasun komunalak dauzkate.

Baso hauk Durangoko udalak beraganatu nahi izan ditu mila tranpaz eta engainuz.

Baina kofradiek, eutsi eta eutsi, azkenean, hainbeste urteren ondoren, irabazi egin dute.

Zor eta gastu guztiak ordaindurik, zazpi miloi inguru, hiru bat miloi geratzen zaie kaxan, eta pinuak botatzen hasi bakarrik egin omen dira.

70tik 100 milioirako balioa omen dago.

Ondo administratuz gero etorkizun itzela kofradientzat.

Datozen udal hauteskundeei buruz ere hitz egin zen.

Hauteskunde hoietan lehenago indarrez galduriko autonomia berriro eskuratzeko ahalegin guztiak egin behar direla diote.

Horretarako kofradien batzordean eginiko idazki bat ere irakurri zen.

Yurretar guztiek izenpeturik Durangoko udalari entregatzeko.

Aho batez zioten Durangoko udalak ez duela ezer egin Yurretaren onerako.

Arratsaldean haizkolariak eta harrijasotzaileak eta txorokilbatzea izan zen, hirurak herritarrek heurek parte harturik.

Makina bat jendek jo zuen Orominora.

Oromino Yurretako sei kofradietariko bat da.

Eta honela Yurretako San Migelak hasi baino ez dira egin.